XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Eta uretara jauzi egin zutenak? ausartu naiz galdetzen ni.

Kanalako agureak txakolina hustu digu, hiruroi edalontzi bete bana.

- Ito egin ziren.

Erantzunaren laburrean, esateko moduaren hotzean, besterik ez galdetzeko agindua ulertu dugu.

Halaxe geratu da airean galdera: zer dela eta ez zenituen barkuan hartu preso eta nabigatzen zuri laguntzen utzi?

Galdera hori ez da azkena izango, argitu egin beharko baitigu Arrotegik, Kanalako agure hark, nola izan zen Animas hura Ameriketatik Galizian den Navia ibairaino eramatea, berak bakarrik.

Ozeano Atlantikoaren zabala gizon bakar batek egitea sinestekoa ote da?

Dena den, Colmenares epaileak Erregearen baimenaz ihardun zuela onartu zuen, hots, Arrotegi jaunarentzat zela Animas itsasuntzia.

Airean geratu diren hainbat zalantzaren erantzunak beste baterako utzi beharko ditugu, zeren eta hurrengo galdera bat egitekotan gaudela berriketa bertan utzi baitu Arrotegi jaunak.

Orduan, Atxarre aldetik zarata eta abarrots itzelak aditu ditugu.

Arrotegi jaunak bota du, bat-batean:

- Hartza akabatu dute!

Umeak baino pozago zutitu da Arrotegi jauna, kortsarioen terrorea, Sagarbinaga eta Colmenares epaileen aldeko erabakiei esker Animas haren jabe eginik urteetan kortsarioen bila ibili izan den gizona.

Esaten dutenez, eraso aurretik kantuan egiten zuten Arrotegik eta bere mutilek.

Sorgin-hitzez egina omen zen kantu horren azken hitzak besterik ez ditugu ezagutzen. Kanalako Agurie, Itsasoko Jaubie ei dira azken hitzok.

Orain, ostera, hartza dakarren gurdiaren atzean pozarren doala ikustean, aingerutxoa dirudi Kanalako agureak.

Arteagako dorretxera eraman nahi omen dute hartza, bertako nagusiaren basoan ehizatu baitute.

Jai modura hartuko dute harainoko bidea guztiek, hartzak eta kazetari biok ezik.